XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ixilduko al zarete, edo zer! -haserretzen zen Maria, bere seme-alaben eztabaida zela eta. Ez badakizue ere asko nekatzen naiz egun osoan garbiketak egiten, eta bake pittin bat nahi nuke etxean.

Arrazoi zuen andre hark. Egun osoa lanean eta soldata baten bila pasatzen duen izaki edo elementuak deskantsua nahi izaten du. Idazkarioi ere gauza bera gertatzen zaigu askotan.

Zenbait alditan, etxe hartako eztabaidak are eta gogorragoak izaten ziren, eta Maria andreak berak ere parte hartzen zuen beraietan.

Halaxe gertatu zen dokumentuak begiratuta dakit Bambuloren bizitzan erabakiorra izan zen egunaren arratsaldean.

Larunbata zen egun hura, eskolarik gabekoa alegia, eta etxeko izaki edo elementu gazteek bere ama Mariari laguntzea pentsatu zuten.

Irteterakoan, ordea, ustekabe bat egon zen. Ainhoa alaba ttikiak lepotik heldu zion Bambulori.

- Mamulo! Zaldi gainean ibili nahi dut! -esan zuen gure txakur maitagarriaren gainean zangalatraba jarriz.

- Sentitzen dut, Ainhoa, baina belaunak okertu egiten zaizkit -desenkusatu zen gure txakur maitagarria kolpetik belauniko jarriz.

Intentzio guztiarekin egin zuen, noski, eta Ainhoa alaba ttikia alfonbrara joan zen buruz aurrera.

Maria izaki edo elementua zinez haserretu zen orduan.

- Bambulo! Zu ezin zintzoago? Zuk ezin agoantatu gehixeago? Zu berekoia izan, bai horixe! Eta umeak min hartu!

Mariak oso modu xelebrean jokatzen zuen Bambulorekin.

Gauzak ulertzea kosta egiten zitzaiola pentsatzen zuen nonbait, eta ahalik eta modu xinpleenean hitzegin behar zitzaiola. Zergatik halako jokaera bitxia?